Otsailaren 6an marketin eta komunikazio agentzia ezberdinak bisitatzeko aukera izan genuen, sektorea barrutik ezagutzeko helburuarekin. Bisita honetan hiru agentzia ezagutu genituen: Sirope, Workoholics eta Crisis. Esperientziak aukera eman zigun lan-ingurunea, lan egiteko moduak eta talde bakoitzaren dinamika zuzenean ikusteko.
Lehenengo geldialdia Sirope agentzian izan zen. Estetika asko gustatu zitzaidan, nahiz eta euren proiektuak gehiago erakustea faltan bota nuen; webgunea bisitatzera gonbidatu gintuzten soilik. Gainera, jarritako bideoa ez zitzaidan guretzat egokia iruditu eta pixka bat aspergarria egin zitzaidan.
Workoholics agentzian instalazioak oso atseginak ziren —kafearen usaina eta espazioa bereziki—, baina aurkezpeneko hizlariek ez zuten segurtasun handirik transmititu eta azalpena motz geratu zen.
Azkenik, Crisis agentzia izan zen interesgarriena niretzat. Taldea txikia izan arren, azalpena dinamikoa izan zen, denek parte hartzen baitzuten. Post-it bidezko antolaketa eta laneko giro ona nabarmendu nituen.
Oro har, agentzia bakoitzak bere indarguneak izan zituen eta bisitak marketinaren egunerokoa hobeto ulertzen lagundu zidan. Esperientzia praktiko honek ikaskuntza teorikoa osatzeko balio handia izan du.
